lunes, 6 de diciembre de 2010

Porrotaren inguruko gogoetak


Aurreko sarreraren batean aipatu izan dut irakurle amorratua izanda ere, euskal literaturaren jarraitzaile sutsua ez naizela. Ikastolan adibidez ikasturte bakoitzean euskal literaturako hiru liburu irakurtzera behartzen gintuzten, bai ala da, behartzen gintuzten. Horregatik agian, ez nau harritu Idurre Alonso ikerlariak haren tesian ateratako ondorioak. Hona hemen haren lanaren inguruan aurkitutako gogoeta batzuk:


Idurre Alonsok 16-18 bitarteko gazteen artean egin du ikerketa , ondorio latzak aterataz: euskal literaturaren irakaskuntza makal dabil. Nahasmena da euskal literaturaren irakaskuntzan zer gertatzen den definitzeko Idurre Alonsok erabilitako adjektiboetako bat.

UPV/EHU-ren Publikazio Zerbitzuak lagunduta, Hego Euskal Herriko 21 ikastetxetan landu zuen bere proiektua, 2004/05 ikasturtean: 16-18 urte bitarteko 825 ikasleren txostenak eta 21 irakasleei egindako elkarrizketa luzeak aztertu zituen bere tesian. "Euskal Herrian gutxi izan dira ikasleei irakurrarazi behar zaizkien liburuen gaineko hausnarketak. Hori dela eta irakasleek aitortzen dute batzuetan galduta sentitzen direla eta ez dutela jakiten zein liburu agindu".

Aztertutakoaren arabera Idurrek dio, euskal literatura eta euskara batera irakasteak  literaturaz jabetzea bigarren mailako helburu bilakatzen dakar. "Hezkuntza Sistemak helburu batzuk ezartzen dituela, bai, baina gero ez du zehazten zer egin behar den helburu horietara heltzeko. Jarraipenik ere ez da egiten, eta hortik dator nahasmena; irakasle bakoitzak bere bidea jarraitzen du eta irakasle gehienek ez dakite zer irakatsi behar duten, are gutxiago nola", azpimarratzen du ikertzaileak.

"Honek guztiak ez du bakarrik literatur irakurketak bizi duen porrota erakusten, euskararena ere islatzen du, neurri handi batean", gaineratzen du ikertzaile gazteak

domingo, 5 de diciembre de 2010

XXI.Mendeko Sexismoa

Berri motzak

Aire-kontrolaitzaileen greba milaka pertsona aireportuetan botata utzi dituen bitartean, zeozer egiteko ez dagoen une huts horiek betetzeko hona hemen zenbait berri euskal letren munduari buruz:

Gurebook.com euskal liburu elektronikoen ataria aurkeztu dute

Gurebook.com euskal liburu elektronikoen online denda aurkeztu dute. Plazagunea eta Libenet garapen teknologikoko enpresek sortu dute salmenta plataforma digitala, eta dagoeneko 166 izenburu dituzte salgai. Horietatik %60 euskarazkoak dira. 

Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela, Ttarttalo, Txertoa eta Arrain argitaletxeek hartzen dute parte proiektuan.

Kirmen Uribe Europako literatur berriari buruzko jaialdian izan da New Yorken

Kirmen Uribek “Europako literatura berria” izeneko jaialdian parte hartu du New Yorken. Jaialdiaren helburua Europan egun egiten den literatura berria ezagutaraztea da eta idazleon lanari AEBetan bultzada ematea. Europako zazpi egilek hartu dute parte Uribez gain: Philippe Claudel (Frantzia), Jenny Erpenbeck (Alemania), Gerhard Roth (Austria), Radka Denemarková (Txekia), Olga Tokarczuk (Polonia), Gabriela Adameşteanu (Errumania), eta Antonia Arslan (Italia). Horrez gain, Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelako bi kapitulu ingelesera itzuli eta Brooklyn Rail aldizkarian argitaratu dituzte.

Marcel Prousten À la recherche du temps perdu eleberria euskaratu du Joxe Austin Arrietak

XX. mende hasieran kaleratu zuen Marcel Proustek À la recherche du temps perdu. Orduko eleberrigintzan aldaketa sakona eragin zuen obrak, eta literatura unibertsaleko lan handien artean dago egun. Zazpi eleberriz osatutako lanaren lehen alea euskaraz irakurtzeko aukera dago orain, Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzaileak Literatura Unibertsala bildumarako eginiko itzulpenari esker: Denbora galduaren bila (Alberdania-Elkar).

sábado, 4 de diciembre de 2010

Abian da Literatura Eskola

2011ko ekaina arte, hainbat hitzaldi eskainiko ditu elkarteak

Joxe Azurmendiren obra aztergai zuen hitzaldiarekin jarri zuten abian Literatura Eskola urriaren 23an. 2011ko ekaina bitartean, elkarteak ondoko hitzaldiak eskainiko ditu:

AZAROAK 6
Mikel Laboaren hizkuntzak. Leire Lopez Ziluaga, Ibon Rodriguez. Tolosa (Bonberenea gaztetxea).

ABENDUAK 18
Samuel Beckett. Signifier? Nous, signifier! (Rire bref.). Beñat Sarasola. Errenteria (Mikelazulo elkartea).

URTARRILAK 15
Nobela grafikoaz. Harkaitz Cano. Gasteiz (Hikaateneoa, Pintoreria kalea, 13).


OTSAILAK 19
Kartzelako literatura. Jose Luis Otamendi, Mitxel Sarasketa. Ziburu (AEKren gaueskola).

MARTXOAK 19
Queer literaturaz. Iratxe Retolaza, Ibon Egaña. Donostia (Ernest Lluch kultur aretoa).

APIRILAK 16
Punka eta literatura 80ko hamarkadan. Juan Luis Zabala. Durango (Udal liburutegia).


MAIATZAK 21
Xabier Leteren poesigintza. Jose Angel Irigarai. Iruñea (Euskaldunon Biltokia, Txantrea).

EKAINAK 3-5
Literaturia. Larrabetzu.

viernes, 3 de diciembre de 2010

POTAREN GALDATZEA


 «Andrea, Jeinkoak drugatzula, orai berdi girade;

ni errege balin banintz, erregina zinate,

pot bat, otoi, egidazu, ez zaitzula herabe;

nik zugatik dudan penek hura merexi dute».



«Eia horrat, apart' hadi; nor uste duk nizala?

Horlako bat ez dut uste nik ikusi dudala;

horrelako hitz gaixtorik niri ez darradala

berzer erran ahal baititza; ez nuk uste duiana»



«Andre gaixtoa bazinade, nik ez naidi kondurik;

ziren zirena baitzira, zuzaz pena dizit nik;

ene ustean ez dut erran desonesta den gauzarik;

pot bat niri eginagatik, ez zinduke laidorik».



«Hire potak, baziakiat, bertze gauza nahi dik».

«Anderea, azti zira nihaurk erran gaberik».

«Bada utzi ahal bainentzak ni holakoz ixilik».

«Horrein gaitz ziraden gero, eginen dut bertzerik:



Bizi nizan egunetan, bada, ez zitut utziren;

nik zer orai nahi baitut, heben duzu eginen».

«Uste diat eskuiarki ez hizala burlatzen;

gizon hunek orai nuia heben laidoz beteren?

Eiagora, nik zer daidit?» «Zaude ixilik hanbaten».



«Etai lelori bai lelo, pota franko, bertzea bego.

Andrea, mintza ahal baitzinde bertze aldian emeago ».

      Bernat Etxepare, 1545

jueves, 2 de diciembre de 2010

Errusian dago Gernika


Orain dela hiru urte San Petersburgoko mahai baten inguruan elkartu ziren Roman Ignatiev etnografoa eta Roberto Serrano itxultzailea. Euskal kultura Errusian nola hedatu aztertzen hasi ziren, eta argitaletxe bat sortzea biderik egokiena zela iruditu zitzaien. 

Gustuen eta indarren arabera hautatzen dituzte itzuli beharreko lanak eta aurtengo labealdi berria prest daukate. Inprentatik atera berri da Atxagaren Obabakoak eleberria edoToti Martinez de Lezearen Euskal Herriko Leiendak liburua. Gainera, Jon Kortazarren Euskal Literaturaren Historia, Miren Beitiaren Esquemas de euskara, eta Javier Muguruzaren Laura Kanpoan da liburuen itzulpenak bidean daude. Azken liburu hau bertsio digitalean ere kaleratuko dute.

Euskal literaturak errusiarrengan interes handia pizten duelakoan dira argitaletxeko arduradunak. "Errusiarrek badute guk ez dugun ezaugarri bat, harro jartzen dira munduko edozein hizkuntzetako zerbait errusierara itzultzen denean. Horregatik, euskal literatura errusieraz irakurtzeko aukera izatea gauza ona da beraientzat. Gainera, euskara hizkuntza exotikoa egiten zaie, Europako txoko batean gordetzen den zerbait bitxia eta erakargarria da errusiarrentzat".  http://www.gernika.ru/

miércoles, 1 de diciembre de 2010

Sentipena, eragina, literatura

Ikasketa guztiak euskaraz egin baditut ere, euskal literaturaren irakurle amorratua ez naizela aitortu behar dut. Irakurtzea benetan gustuko dudan hobby-a da eta alor zein gaia ezberdinetako lanak irakurri ditut, baina gustukoenak beti gaztelaniaz irakurri ditut. Hala ere badira nolabaiteko sentipenen bat sorrarazi nauten euskaraz idatzitako lanak eta horietako bat Anjel Lertxundiren Eskarmetuaren Paperak izeneko obra litzateke.

Idazle eta lan baten inguruko adjektibo positiboak dotore era modu literarioan azaltzea zaila iruditzen zaidanez, norbaitek nonbait liburu honi buruz eta idazle honi buruz adierazitakoa errepikatzea egokiena iruditzen zait, hitz horiek pentsatzen ditudan berberak bait dira eta:


"Berrogei urte bete da Anjel Lertxundik bere lehen liburua argitaratu zuenetik. Berrogei urteko bere literatur ibilbideari pasatu dio ispilua, eta ez da esku hutsik etorri. Testuen gatzean dago zaporea, eta testuen antolakuntzan, berriz, sekretua: oharrez, albo-markaz, paper-puskaz betetako lan horrekin autorearen ispilu kabala osatzea.

Ez da autobiografia bat, baina badu autobiografiatik. Ez da oroitzapen liburu bat, baina asko zor dio oroimenari. Dietario batetik hurbil dago, baina ez dago egunerokotasunaren mende. Bere buruaz ari da autorea, baina ez da bere burua liburuaren xedea. Xedea da berrogei urtean jarraitu dion irakurlearekin elkarrizketan sartzea".