martes, 7 de diciembre de 2010

Erotismoaren ahozkotasuna Durangoko Azokan


Aurten bero hasi da Durangoko azoka. Joxemari Carrere-ren "Maitasunaren arbola" ipuin-konferentzia epela izeneko inaugurazio ekitaldiaren bidez, negu hotz honetako tenperatura piztu zuen narraitzaile gipuzkoarrak.Ahozko narrazio erotiko zahar bat abiapuntutzat hartuz, Carrere-k erotismoaren zergatia eta jatorriaren inguruko galderak mahaigaineratu zituen.
Narratzaile honen helburua azken finean erotika narrazioan definitzeko modua aurkitzea da. Maitasunaren arbola aspaldi zaharreko Afrikako istorioaz aparte, beste ipuin batzuei buruz aritu zen Carrere inaugurazio ikataldian, guztietan pertsona humanoek sexu kontuak nola kontatu izan dituzten adierazgarri: "orduan eta orain; han eta hemen. Maitasunaren arbolara zergatik batzuk besteak baino gehiago itsatsiak dauden jakiteko, istorioa entzun behar, ezinbestez".

Azkeneko aipu hau uler dezazuen, hona hemen "Maitasunaren arbola" izeneko kondaira:
"Hasieraren hasieran, gizona eta emakumea ez omen ziren elkarrekin bizi. Emakumeak jaki goxoak zituen baratz eder batean. Bizi zen lekuan, gizonak ahuntzak eta behiak hazten zituen. Dena zegoen horrela, banatuta.
        Egun batean, gizona eta emakumea topatu egin ziren. Emakumeak esan zion gizonari:
        -Goazen nire etxera.
        Heldu zirenean, emakumeak bere baratzeko sustrai bat eman zion gizonari. Esan zion:
        -Sustrai hau gozoa da. Har ezak, probatu eta ikusiko duk.
        Gizonak gozotasun hura gustukoa izan zuen:
        -Mmmmm, gozoa da hau! Mmmmm, ona da!
        Emakumeak edari goxoa eman zion gizonari, berarekin pentsatzeari ez uzteko. Gizonak edan egin zuen. Emakumeak lo egiten zuen lekuan sartzen gonbidatu zuen. Han lo egin zuten, besterik ez, batak bestearen ondoan.
        Goizean, emakumeak esan zuen:
        -Begira, gauza eder askoak dizkiat.
        Bere txabolan zituen gauza eder guztiak erakutsi zizkion: ostruka arrautza oskolekin egindako lepokoak, harri txintxarriekin apaindutako poltsak, halako gauzak.
        Irten egin ziren. Emakumeak esan zuen:
        -Goazen arbola horretara.
        Emakumeak urrutian hazten zen arbola bat erakutsi zion.
        Arbolara heldu zirenean, emakumeak gizonari esan zion berarengana hurbiltzeko. Lotuak egongo balira bezala egon ziren elkarrekin, bat balira.
        Emakumeak arbolan zegoen zulo bat erakutsi zion, eta esan zion:
        -Sar ezak hire zakila zulo horretan.
        Gizona horrela egin zuen.
        Emakumeak esan zion zakila zuloan mugitzeko. Emakumeak atzean jarri zitzaion, eta gizona zuloan mugitzen hasi zen.
        Gizonak atzealdea erortzea baino ez zuen nahi. Emakumeak besotan jaso zuen. Besoak gurutzatu eta berarengana ekarri zuen.
        -Goazen lo egiten dudan lekura- esan zuen.
        Joan eta joan ziren, eta hara heldu ziren.
        Emakumeak esan zion berarekin lo egiteko.
        -Lo egin dezagun bata besteari lotuta, zure aurpegia nirearen aurrean.
        Gizonaren goxotasuna emakumean sartu zen. Emakumearena gizonean.

        Ba, hauxe izan zen lehenengo aldia.  Gizona emakumearekin geratu zen: erabat ahaztu zituen haziendak.
        Beste gizon batzuk heldu ziren gizon haren etxera. Inguruan begiratu zuten, gizonaren bila. Ez zegoen han. Beraz, gizon hauek animalia guztiak eraman zituzten, ahuntzak eta behiak, eta mundutik barrena barreiatu zituzten.
        Horregatik animaliak barreiatuak daude munduan, eta leku batean bakarrik. Eta halaxe da nola gizona eta emakumea elkarrekin bizitzen jarri omen ziren, goxotasunean. Guztiok gatoz gizon eta emakume horiengatik".
(Namibiako jul’boansi kontalaria)


Ohiko liburu eta diska azoka, gutxitan hausnartua baina askotan erabilia den zentzumenaz baliatu da literaturari eta azken finean narrazioari ikuspuntu ezberdin bat emateko, 2010eko 45.edizioari hasiera ezin hobea izan du.

lunes, 6 de diciembre de 2010

Porrotaren inguruko gogoetak


Aurreko sarreraren batean aipatu izan dut irakurle amorratua izanda ere, euskal literaturaren jarraitzaile sutsua ez naizela. Ikastolan adibidez ikasturte bakoitzean euskal literaturako hiru liburu irakurtzera behartzen gintuzten, bai ala da, behartzen gintuzten. Horregatik agian, ez nau harritu Idurre Alonso ikerlariak haren tesian ateratako ondorioak. Hona hemen haren lanaren inguruan aurkitutako gogoeta batzuk:


Idurre Alonsok 16-18 bitarteko gazteen artean egin du ikerketa , ondorio latzak aterataz: euskal literaturaren irakaskuntza makal dabil. Nahasmena da euskal literaturaren irakaskuntzan zer gertatzen den definitzeko Idurre Alonsok erabilitako adjektiboetako bat.

UPV/EHU-ren Publikazio Zerbitzuak lagunduta, Hego Euskal Herriko 21 ikastetxetan landu zuen bere proiektua, 2004/05 ikasturtean: 16-18 urte bitarteko 825 ikasleren txostenak eta 21 irakasleei egindako elkarrizketa luzeak aztertu zituen bere tesian. "Euskal Herrian gutxi izan dira ikasleei irakurrarazi behar zaizkien liburuen gaineko hausnarketak. Hori dela eta irakasleek aitortzen dute batzuetan galduta sentitzen direla eta ez dutela jakiten zein liburu agindu".

Aztertutakoaren arabera Idurrek dio, euskal literatura eta euskara batera irakasteak  literaturaz jabetzea bigarren mailako helburu bilakatzen dakar. "Hezkuntza Sistemak helburu batzuk ezartzen dituela, bai, baina gero ez du zehazten zer egin behar den helburu horietara heltzeko. Jarraipenik ere ez da egiten, eta hortik dator nahasmena; irakasle bakoitzak bere bidea jarraitzen du eta irakasle gehienek ez dakite zer irakatsi behar duten, are gutxiago nola", azpimarratzen du ikertzaileak.

"Honek guztiak ez du bakarrik literatur irakurketak bizi duen porrota erakusten, euskararena ere islatzen du, neurri handi batean", gaineratzen du ikertzaile gazteak

domingo, 5 de diciembre de 2010

XXI.Mendeko Sexismoa

Berri motzak

Aire-kontrolaitzaileen greba milaka pertsona aireportuetan botata utzi dituen bitartean, zeozer egiteko ez dagoen une huts horiek betetzeko hona hemen zenbait berri euskal letren munduari buruz:

Gurebook.com euskal liburu elektronikoen ataria aurkeztu dute

Gurebook.com euskal liburu elektronikoen online denda aurkeztu dute. Plazagunea eta Libenet garapen teknologikoko enpresek sortu dute salmenta plataforma digitala, eta dagoeneko 166 izenburu dituzte salgai. Horietatik %60 euskarazkoak dira. 

Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela, Ttarttalo, Txertoa eta Arrain argitaletxeek hartzen dute parte proiektuan.

Kirmen Uribe Europako literatur berriari buruzko jaialdian izan da New Yorken

Kirmen Uribek “Europako literatura berria” izeneko jaialdian parte hartu du New Yorken. Jaialdiaren helburua Europan egun egiten den literatura berria ezagutaraztea da eta idazleon lanari AEBetan bultzada ematea. Europako zazpi egilek hartu dute parte Uribez gain: Philippe Claudel (Frantzia), Jenny Erpenbeck (Alemania), Gerhard Roth (Austria), Radka Denemarková (Txekia), Olga Tokarczuk (Polonia), Gabriela Adameşteanu (Errumania), eta Antonia Arslan (Italia). Horrez gain, Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelako bi kapitulu ingelesera itzuli eta Brooklyn Rail aldizkarian argitaratu dituzte.

Marcel Prousten À la recherche du temps perdu eleberria euskaratu du Joxe Austin Arrietak

XX. mende hasieran kaleratu zuen Marcel Proustek À la recherche du temps perdu. Orduko eleberrigintzan aldaketa sakona eragin zuen obrak, eta literatura unibertsaleko lan handien artean dago egun. Zazpi eleberriz osatutako lanaren lehen alea euskaraz irakurtzeko aukera dago orain, Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzaileak Literatura Unibertsala bildumarako eginiko itzulpenari esker: Denbora galduaren bila (Alberdania-Elkar).

sábado, 4 de diciembre de 2010

Abian da Literatura Eskola

2011ko ekaina arte, hainbat hitzaldi eskainiko ditu elkarteak

Joxe Azurmendiren obra aztergai zuen hitzaldiarekin jarri zuten abian Literatura Eskola urriaren 23an. 2011ko ekaina bitartean, elkarteak ondoko hitzaldiak eskainiko ditu:

AZAROAK 6
Mikel Laboaren hizkuntzak. Leire Lopez Ziluaga, Ibon Rodriguez. Tolosa (Bonberenea gaztetxea).

ABENDUAK 18
Samuel Beckett. Signifier? Nous, signifier! (Rire bref.). Beñat Sarasola. Errenteria (Mikelazulo elkartea).

URTARRILAK 15
Nobela grafikoaz. Harkaitz Cano. Gasteiz (Hikaateneoa, Pintoreria kalea, 13).


OTSAILAK 19
Kartzelako literatura. Jose Luis Otamendi, Mitxel Sarasketa. Ziburu (AEKren gaueskola).

MARTXOAK 19
Queer literaturaz. Iratxe Retolaza, Ibon Egaña. Donostia (Ernest Lluch kultur aretoa).

APIRILAK 16
Punka eta literatura 80ko hamarkadan. Juan Luis Zabala. Durango (Udal liburutegia).


MAIATZAK 21
Xabier Leteren poesigintza. Jose Angel Irigarai. Iruñea (Euskaldunon Biltokia, Txantrea).

EKAINAK 3-5
Literaturia. Larrabetzu.

viernes, 3 de diciembre de 2010

POTAREN GALDATZEA


 «Andrea, Jeinkoak drugatzula, orai berdi girade;

ni errege balin banintz, erregina zinate,

pot bat, otoi, egidazu, ez zaitzula herabe;

nik zugatik dudan penek hura merexi dute».



«Eia horrat, apart' hadi; nor uste duk nizala?

Horlako bat ez dut uste nik ikusi dudala;

horrelako hitz gaixtorik niri ez darradala

berzer erran ahal baititza; ez nuk uste duiana»



«Andre gaixtoa bazinade, nik ez naidi kondurik;

ziren zirena baitzira, zuzaz pena dizit nik;

ene ustean ez dut erran desonesta den gauzarik;

pot bat niri eginagatik, ez zinduke laidorik».



«Hire potak, baziakiat, bertze gauza nahi dik».

«Anderea, azti zira nihaurk erran gaberik».

«Bada utzi ahal bainentzak ni holakoz ixilik».

«Horrein gaitz ziraden gero, eginen dut bertzerik:



Bizi nizan egunetan, bada, ez zitut utziren;

nik zer orai nahi baitut, heben duzu eginen».

«Uste diat eskuiarki ez hizala burlatzen;

gizon hunek orai nuia heben laidoz beteren?

Eiagora, nik zer daidit?» «Zaude ixilik hanbaten».



«Etai lelori bai lelo, pota franko, bertzea bego.

Andrea, mintza ahal baitzinde bertze aldian emeago ».

      Bernat Etxepare, 1545

jueves, 2 de diciembre de 2010

Errusian dago Gernika


Orain dela hiru urte San Petersburgoko mahai baten inguruan elkartu ziren Roman Ignatiev etnografoa eta Roberto Serrano itxultzailea. Euskal kultura Errusian nola hedatu aztertzen hasi ziren, eta argitaletxe bat sortzea biderik egokiena zela iruditu zitzaien. 

Gustuen eta indarren arabera hautatzen dituzte itzuli beharreko lanak eta aurtengo labealdi berria prest daukate. Inprentatik atera berri da Atxagaren Obabakoak eleberria edoToti Martinez de Lezearen Euskal Herriko Leiendak liburua. Gainera, Jon Kortazarren Euskal Literaturaren Historia, Miren Beitiaren Esquemas de euskara, eta Javier Muguruzaren Laura Kanpoan da liburuen itzulpenak bidean daude. Azken liburu hau bertsio digitalean ere kaleratuko dute.

Euskal literaturak errusiarrengan interes handia pizten duelakoan dira argitaletxeko arduradunak. "Errusiarrek badute guk ez dugun ezaugarri bat, harro jartzen dira munduko edozein hizkuntzetako zerbait errusierara itzultzen denean. Horregatik, euskal literatura errusieraz irakurtzeko aukera izatea gauza ona da beraientzat. Gainera, euskara hizkuntza exotikoa egiten zaie, Europako txoko batean gordetzen den zerbait bitxia eta erakargarria da errusiarrentzat".  http://www.gernika.ru/