domingo, 27 de febrero de 2011

Euskararen Etxea


Bilboko San Inazio auzoan  euskaltzale, ikertzaile eta euskarari buruzko gaietan interesa izan dezaketen pertsona guztientzat sortu zen Euskararen Etxea. Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzari esker; beraren helburua euskarari buruzko gune espezializatua izatean datza.
2004tik irekita dagoen Euskararen Etxeak lau solairu ditu, baina bi gune nagusitan bana daiteke haren barne-egitura. Alde batetik, azken bi solairuek euskal gaietan lanean diharduten elkarte eta erakundeentzat lan bateratua egiteko gunea osatzen dute. Gauzak hala, hirugarren solairuan Euskal Idazleen Elkartea, Topagunea (Euskara Elkarteen Federazioa), Euskal Pen Kluba eta Mendebalde Kultura Alkartea daude. Eta laugarrenean, berriz, Bizkaiko Ikastolen Elkartea. Bestetik, lehenengo bi solairuek  euskararekin zerikusia duten erabilera eta jarduerei aurre egiteko gunea osatzen dute. Bertan, Euskararen Interpretazio Zentroa kokatzen delarik (Euskararen Interpretazio Zentroaren asmoa, modu atsegin eta zuzenean, euskarari buruzko oinarrizko eduki batzuk publikoari erakustea da).
http://www.euskararenetxea.net/index.php?idi=eus

domingo, 13 de febrero de 2011

Topagunea


Gaur egun, lau arabarretik bat euskaraz hitz egin eta ulertzeko gai dela esan daiteke. Proportzio hori, gainera, ia hirukoiztu egiten da 25 urtetik beherakoen artean. Hala ere, askoz ere gutxiago dira euskara eguneroko bizitzan, normaltasunez erabiltzen dutenak.
Zein da ezagutza eta erabileraren arteko eten horren arrazoia? Ba ote da modurik egoera horri buelta emateko? Nork eragin behar du horretarako? Eta non egin behar du? Hori guztia aztertzeko, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zerbitzuak Arabako Euskaldunon Elkarguneen Topaketak antolatu dituzte elkarlanean.
Topaketok Gasteizko ARTIUMen izango dira, azaroaren 13 eta 20an, eta gogoeta gunea zein elkar ezagutzeko aukera eskaini nahi diete Arabako euskaldunei. Topaketak euskaldunon elkarguneei begira antolatu dituzte: euskara elkarte eta taldeak, aisialdi taldeak, guraso elkarteak, irakaskuntza mundua, helduen euskalduntzea, erakundeak, hedabideak, kultur talde eta elkarteak, euskararen aldeko eragile sozialak… Horiez gain, jakina, interesa duen norbanakoek ere parte har dezakete.
Topaketok Arabako euskaldunentzako esperientzia eta iritzi trukerako foroa sortzeko antolatu dira. Bide batez, Arabako aukera eta erronka berriak baloratu nahi dira bertan, eta auzolanerako aukera eta beharra azalerazi, herritarren funtzio eta protagonismoa azpimarratuz.
Horren harira, euskararen erabilera sozialean lehentasunezkoak diren hiru arlo aztertuko dira: kultur jarduerak, mintzapraktika egitasmoak eta haur eta gazteen aisialdia, hurrenez hurren. Horien inguruko esperientzia arrakastatsuen berri emango da, eta, bide batez, euskaldunek alor horietan eragin ahal izateko dituzten beharrak, aukerak eta moduak ere aztertuko dira.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 95 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea…

miércoles, 9 de febrero de 2011

Guk ere Euskaraz

Bazenekien Donostian 24 urte bitarteko gazteen %90 euskalduna dela edota euskara ulertzen duela? Hausnarketa egiteko asmoz, 3 sketch grabatu dituzte Donostiako Zurriola Antzerki Eskolako ikasleek.









martes, 8 de febrero de 2011

Euskarazetamol


Euskerazatemol, EZ DOK HIRU Bikoteatroak “DIBERTIMENTUAK” izenez bataiatu duen trilogiaren azken alea da. “Euskera Sencilloaren Manifiestoa”rekin hasi eta ondoren “Larruaizetara” etorri zen. “EUSKARAZETAMOL” honekin zera erakutsiko dute: “Antzerkiaz ideia pitorik ez dugun arren, gutxienez hirurarte kontatzen badakigula”. 
Aurreko bi ikuskizunak publikoaren gustukoak izan direnez beldur ziren azkenengo honekin espektatibak beteko ez ote zituzteen:  “Bi aukera genituen: gure talentuaz fidatzea ala dopajeaz baliatzea. Azkenean zentzu ona gailendu zen, eta pilulak aukeratu genituen. Baina ez kezkatu, kontrolatzen dugu. Guk, hau, nahi dugunean uzten dugu. 
Eta primeran ari gara, topera, flipatzen. Ikusiko duzue zer egiteko gai garen gure hizkuntzarekin “jarrita” gaudenean”. Experimentu zientifiko bat egin dute, gainera, ikuskizun honetarako behar duten super-euskera lortzeko: Euskaltzaindiako Liburutegian sartuta egon dira hilabete oso batez, artxibadore baten barruan. Azkenengo egunean odola atera zieten, emanaldi egunetan autotransfusio bat egiteko. Emaitza ikusgarria da, harrigarria.



Patxo Telleriak idatzia
Aktoreak: Patxo Telleria eta Mikel Martinez
Zuzendaria: Jokin Oregi
Musika: Josu Zabala
Musikariak: Bingen Mendizabal, Alex Ruiz de Azua, Txoni Larragoiti
Jantziak eta Atrezzoa: Nati Ortiz de Zarate
Argiak: Gaizka (Milakamoon); Teknikoa: Txerran (Starlan)
Eskerrik asko: Aitor Mazo, Iñaki Etxarri, Ana Meabe, Bilboko Kafe Antzokia eta Karmelo-Solokoetxe BHI
Produkzioa: TARTEAN ZERBITZUAK · Ez Dok Hiru BIKOTEATROA
Banaketa: Julio Perugorria Produkzio
ak

lunes, 7 de febrero de 2011

Hondarribia



EUSKARA MM&D HEDABIDEETAN ETA TESTUINGURU SOZIOLINGUISTIKOA


Euskarak gure bihotzean baino,  gure egunerokotasunean duen tokia ezagutzeko Euskal Herriko IV. Inkesta soziolinguistikoa eta Euskararen aholku batzordeak egindako “Euskara hedabideetan” izeneko lanera jo behar izan dugu.
Azken urte hauetan zehar gizartearen zaharkitzeak edota etorkinen fenomenoak ez du euskararen gaineko eragin negatibo zuzenik izan, hala ere gazteria gure egitura sozialaren etorkizuna dela abiapuntutzat hartuz, haiekiko arreta handia izan behar da, hizkuntza aberastu eta hiztun kopurua gora egitearen sustatzaile potentzialak direlako.
Jatorriz euskara ama hizkutza gisa dutenen kopurua txikia bada ere, EAEn elebidunen kopurua gora doa baita  Nafarroan ere. Berez, Euskal Herriko lau biztanletik hiru erdara dute lehen hizkuntza gisa, euskara dutenak %16,5 dira eta biak dituztenak %4,8. Euskara lehen  aukera ez badirudi ere, esan bezala elebidunen kopuru gora dihoa eta horrek euskara esparru gehiagotan zabaltzea eta eskaini nahi izatea dakar. Hedabideen papera funtsezkoa da batez ere, euskara jakin, baino erabili ohi ez duen gazteriaren artean sustatzeko.
Euskara sarri ikastoletan gauzatzen denaz harago joateko aukerarik ez duela dirudi, zergatia, faktore ezberdinen batzean egon liteke, baina hedabideen papera funtsezkoa da errealitate hura bertan bera gera dadin.

Sarri sareak eta hedabideek gazteleraz egindako produktuak kontsumitzera bultzatzen zaituztela dirudi.  Euskaraz egindako kalitatezko edukiak dauden arren, gaztelaniaz eskaintzen direnak beti landuagoak eta gertutasun kutsu handiago bat iradokitzen dutela uste dut, eta gakoa bertan dagoela iruditzen zait. Gazteriak, euskaraz gauzatutako eduki eraginkor indartsu bat kontsumitzeko aukera ez duela uste dut, eta ahalegin bat egiten den arren gaztelaniaz diharduten eduki kopurua eta aldaera handiagoa da, euskaraz egiten dena baino.
Hala ere badira hainbat saiakera, ohikotzat ematen hasiak diren sare-sozialak, 16 urtetik behera edota gorakoek erabili ohi dituztenak,  euskaraz jarduteko aukera eskaintzen dute baina horrek ere sarri, bertan lagunekin elkarrizketak zein post-ak euskaraz egitearekin bat ez dator. Horregatik agian gorago esan bezala hedabideen zein erakundeen ahaleginaz gain gure aldetik ere euskara bigarren aukera gisa ikusteari uko egin beharko geniokeela uste dut.

domingo, 6 de febrero de 2011

Euskara ikastearen abantaila

Euskararen Donostia Udal Patronatuak,  Euskara Ikaslearen Txartela sortu zuen 2002-2003 ikasturtean. Honen bidez, euskara ikasleak egiten ari diren ahalegina errekonozitu eta saritu nahi du. Era honetan, Donostian euskara ikasten ari diren ikasle guztiek izango dute Euskara Ikaslearen Txartela jasotzeko aukera.Txartelaren helburua, ikaslearen ahalegina errekonozitzeaz gain, ikasle hori ikasten ari den euskara ikasgelaz kanpo erabiltzeko erraztasunak ematea da. Horrela, txartelaren bitartez, euskarazko produktu eta zerbitzuei buruzko informazioa jasoko dute eta prezio eskuragarriagoak lortuko dituzte. Pixkanaka-pixkanaka, txartela erabiltzeak eskain ditzakeen abantailak areagotuz joango da Euskararen Udal Patronatua.