domingo, 13 de febrero de 2011

Topagunea


Gaur egun, lau arabarretik bat euskaraz hitz egin eta ulertzeko gai dela esan daiteke. Proportzio hori, gainera, ia hirukoiztu egiten da 25 urtetik beherakoen artean. Hala ere, askoz ere gutxiago dira euskara eguneroko bizitzan, normaltasunez erabiltzen dutenak.
Zein da ezagutza eta erabileraren arteko eten horren arrazoia? Ba ote da modurik egoera horri buelta emateko? Nork eragin behar du horretarako? Eta non egin behar du? Hori guztia aztertzeko, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zerbitzuak Arabako Euskaldunon Elkarguneen Topaketak antolatu dituzte elkarlanean.
Topaketok Gasteizko ARTIUMen izango dira, azaroaren 13 eta 20an, eta gogoeta gunea zein elkar ezagutzeko aukera eskaini nahi diete Arabako euskaldunei. Topaketak euskaldunon elkarguneei begira antolatu dituzte: euskara elkarte eta taldeak, aisialdi taldeak, guraso elkarteak, irakaskuntza mundua, helduen euskalduntzea, erakundeak, hedabideak, kultur talde eta elkarteak, euskararen aldeko eragile sozialak… Horiez gain, jakina, interesa duen norbanakoek ere parte har dezakete.
Topaketok Arabako euskaldunentzako esperientzia eta iritzi trukerako foroa sortzeko antolatu dira. Bide batez, Arabako aukera eta erronka berriak baloratu nahi dira bertan, eta auzolanerako aukera eta beharra azalerazi, herritarren funtzio eta protagonismoa azpimarratuz.
Horren harira, euskararen erabilera sozialean lehentasunezkoak diren hiru arlo aztertuko dira: kultur jarduerak, mintzapraktika egitasmoak eta haur eta gazteen aisialdia, hurrenez hurren. Horien inguruko esperientzia arrakastatsuen berri emango da, eta, bide batez, euskaldunek alor horietan eragin ahal izateko dituzten beharrak, aukerak eta moduak ere aztertuko dira.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 95 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Federazioaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea, sentiberatzea…

No hay comentarios:

Publicar un comentario