viernes, 10 de diciembre de 2010

Gurebook liburu digitalen gune berria

Durangoko literatura eta diska azoka izan zen Gurebook atariak haren eskaintza aurkezteko hautatu zuen jazoera. Sareko gune berri honen helburua, liburu elektronikoen euskal ekoizpen guztia salgai izatea da, alegia argitaletxeen salmenta-gune elektroniko integratzailea bihurtzea.
Horretarako liburu elektronikoen liburu denda honek, liburu elektronikoen euskal ekoizpenaren atari espezializatu gisa aurkezten da. Eta eskainitako zerbitzuenn artean,  erositako liburu digitala zure aukerako euskarri elektronikoan jeisteko aurkera dago. Argitaletxe zein autoreen araberako bilaketa eskaintzen du, minutu bakan batean gustuko duzun lana jeisteko aukera eskainiaz.
Sarearen aro berri honetan, paperaren izatea bertan behera geratuko den eztabaida ohikoa den bitartean, mota honetako atariak literatura irakurtketa sustatzeaz gain, modu azkar eta eroso batean nahi duzunean nahi duzuna irakutzeko aukera eskaintzen dute.
Euskarazko zein gaztelaniazko literatura sustatzearen aldeko ekintza oro, positiboa da beti letren arloko munduarentzat.


jueves, 9 de diciembre de 2010

Naziotasuna literaturan ere

Euskaldun izatearen eztabaida sarri literatura bezalako gai batera ere estrapola daiteke. Sarean nenbilela Beñi Agirre irakaslearen artikulu bat aurkitu nuen Deiako edizio digitalean, eta esandakoa deigarria iruditu zitzaidanez, blog honetarako interesgarria iruditu zitzaidan.Gurean nazionalista izan edo ez izatea, nolabaiteko garrantzi zerutarra duela dirudi, eta harritzen nau, literatura edo azken finean kulturaren parte garrantzitsua den arlo honen "euskaldunizazioa" eztabaidatu behar izatea ere.
Edozein kasutan, zeri buruz ari naizen jakiteko garrantzitsua iriditzen zait, post hau idaztearen zergatia nondik abiatzen den ezagutaraztea, ondoren zuek pentsatzen duzuena jakinarazteko:

Literatura eta naziotasuna

Beñi Agirre, * Euskara irakasalea

EUSKALDUNOK aspaldian garbitua dugun kezka existentzial batekin dator Toti Martinez de Lezea idazle gasteiztarra: no entiendo por qué al hablar de escritores vascos sólo se menciona a los que escriben en euskara.
Ez da beti fidagarria izaten, baina hona hemen Wikipediak ematen dituen definizioak: "Euskal literatura euskaraz egindakoa da, Euskal Herriko idazleek gaztelaniaz, frantsesez edo beste hizkuntza batez egindako produkzioa barne hartzen ez duena". "La literatura española es aquella desarrollada en España o por españoles en idioma español o sus dialectos".
Ez dago zalantzarik: euskalduna da euskaraz egiten duena, beraz, euskal literatura da euskaraz idatzia dena. Beste kontu bat da hizkuntzak ez duela naziotasuna edota herritartasuna ematen. Pablo Nerudak gaztelaniaz (espainolez) idatzi zuen, baina horregatik inork ez du esango espainiarra zenik, Neruda Txiletarra baitzen. Joxemiel Barandiaran euskalduna zen, gutako askok baino askoz ere hobeki egiten baitzuen euskaraz. Barandiaranek euskaraz sortutakoak euskal literaturatzat hartzeko zalantzarik ez dago; besterik da, ordea, herri honen tradizioko gaiaz izanda ere, gaztelaniaz, frantsesez… sortutakoak.
Wikipedian, Joxemiel Barandiaran "vasco" eta " basque espagnol" bezala azaltzen da. Nire iritziz, Barandiaran nafarra zen. Ez Totiri, ez bere egoera bereko inori, ez diot nik ukatuko literatura egiten duen vasca, Euskal Herrian bizi den espainola edo nafar herritarra denik (hori berak erabakiko du), baina gaztelaniaz sortu eta euskarara itzulitako lanak ezin euskal literaturatzat hartu. Erantzun bestela bi galdera hauei: Madrilen erroldaturik dagoen paristar baten frantseseko lanak literatura espainoltzat jo daitezke? Bartzelonan jaio eta Marraketxen bizi den Juan Goitisolo, "Premio Nacional de las Letras Españolas" dena eta bere obra gaztelaniaz egin duena, literatura kataluniar, arabiar ala espainola egiten du?

Agirrek euskal literaturari buruz emandako definizioarekin ados nago eta ondoren planteatzen dituen zenbait ereduekin baita ere, baina Toti Martinez de Lezeak esandakoa abipuntutzat hartzen duenean, idazle gasteiztarrak esandakoa gaizki planteatzen duela edo hobe esanda gaizki ulertzen duela uste dut. Alegia, nire ustez behintzat edo Agirrek abiapuntutzat hartzen duen aipua literalki jasoz gero, ez dut uste idazle gasteiztarra haren lana euskal literatura gisa definitu nahi duenik, baizik eta Euskal Herriko  herritarra izanda bertakoak diren idazle-talde berberan sartzea naiz eta euskaraz ez idatzi.

Agirrek zenbait galdera planteatzen dituen bezala, niri galdera bat datorkit burura, gaztelaniaz idazteak Euskal Herritarra izatetik aldentzen zaitu?
Letren mundua eragin behar du, baina literaturaren nazionalizaziotik aldendu beharko lginateke. Nire ustez behintzat, literatura arlo politikotik harago dagoen ezinbesteko elementua da.

Gazteria eta Etorkinak

miércoles, 8 de diciembre de 2010

Egunsentiaren esku izoztuak

Bere liburuaren tituluak iradokitzen duen modu berean joan da Xabier Lete. Larunbatean Durangon literatura eta musika azoka nagusiena ospatzen zen bitartean, musikari eta idazle gizpukoarrak agur esaten zigun. Arlo sozialetik baztertua mantentzen zuen gaixotasunak irabazi badu ere, euskara eta euskaldunen onerako mantenduko diren lanak bertan jarraituko dute:


Izarren hautsa
Izarren hautsa egun batean
bilakatu zen bizigai,
hauts hartatikan uste gabean
noizpait ginaden gu ernai.
Eta horrela bizitzen gera
sortuz ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe:
lana eginaz goaz aurrera
kate horretan denok batera
gogorki loturik gaude.

Gizonak badu inguru latz bat
menperatzeko premia,
burruka hortan bizi da eta
hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu,
saiatze hortan ezin gelditu,
jakintza eta argia:
bide ilunak nekez aurkitu
lege berriak noizpait erditu
hortan jokatuz bizia.

Gizonen lana jakintza dugu:
ezagutuz aldatzea,
naturarekin bat izan eta
harremanetan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz
gure sustraiak lurrari lotuz
bertatikan irautea:
ezaren gudaz baietza sortuz
ukazioa legetzat hartuz
beti aurrera joatea.

Ez dadukanak ongi ohi daki
eukitzea zein den ona,
bere premiak bete nahian
beti bizi da gizona.
Gu ere zerbait bagera eta
gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten:
amets eroak baztertuz bertan
sasi zikinak behingoz erreta
bide on bat aukeratzen.

Gu sortu ginen enbor beretik
sortuko dira besteak
burruka hortan iraungo duten
zuhaitz-ardaska gazteak.
Beren aukeren abe eraikiz
ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak:
gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz
egiaztatuko dutenak.

Bigarren poema liburua (1974)

martes, 7 de diciembre de 2010

Erotismoaren ahozkotasuna Durangoko Azokan


Aurten bero hasi da Durangoko azoka. Joxemari Carrere-ren "Maitasunaren arbola" ipuin-konferentzia epela izeneko inaugurazio ekitaldiaren bidez, negu hotz honetako tenperatura piztu zuen narraitzaile gipuzkoarrak.Ahozko narrazio erotiko zahar bat abiapuntutzat hartuz, Carrere-k erotismoaren zergatia eta jatorriaren inguruko galderak mahaigaineratu zituen.
Narratzaile honen helburua azken finean erotika narrazioan definitzeko modua aurkitzea da. Maitasunaren arbola aspaldi zaharreko Afrikako istorioaz aparte, beste ipuin batzuei buruz aritu zen Carrere inaugurazio ikataldian, guztietan pertsona humanoek sexu kontuak nola kontatu izan dituzten adierazgarri: "orduan eta orain; han eta hemen. Maitasunaren arbolara zergatik batzuk besteak baino gehiago itsatsiak dauden jakiteko, istorioa entzun behar, ezinbestez".

Azkeneko aipu hau uler dezazuen, hona hemen "Maitasunaren arbola" izeneko kondaira:
"Hasieraren hasieran, gizona eta emakumea ez omen ziren elkarrekin bizi. Emakumeak jaki goxoak zituen baratz eder batean. Bizi zen lekuan, gizonak ahuntzak eta behiak hazten zituen. Dena zegoen horrela, banatuta.
        Egun batean, gizona eta emakumea topatu egin ziren. Emakumeak esan zion gizonari:
        -Goazen nire etxera.
        Heldu zirenean, emakumeak bere baratzeko sustrai bat eman zion gizonari. Esan zion:
        -Sustrai hau gozoa da. Har ezak, probatu eta ikusiko duk.
        Gizonak gozotasun hura gustukoa izan zuen:
        -Mmmmm, gozoa da hau! Mmmmm, ona da!
        Emakumeak edari goxoa eman zion gizonari, berarekin pentsatzeari ez uzteko. Gizonak edan egin zuen. Emakumeak lo egiten zuen lekuan sartzen gonbidatu zuen. Han lo egin zuten, besterik ez, batak bestearen ondoan.
        Goizean, emakumeak esan zuen:
        -Begira, gauza eder askoak dizkiat.
        Bere txabolan zituen gauza eder guztiak erakutsi zizkion: ostruka arrautza oskolekin egindako lepokoak, harri txintxarriekin apaindutako poltsak, halako gauzak.
        Irten egin ziren. Emakumeak esan zuen:
        -Goazen arbola horretara.
        Emakumeak urrutian hazten zen arbola bat erakutsi zion.
        Arbolara heldu zirenean, emakumeak gizonari esan zion berarengana hurbiltzeko. Lotuak egongo balira bezala egon ziren elkarrekin, bat balira.
        Emakumeak arbolan zegoen zulo bat erakutsi zion, eta esan zion:
        -Sar ezak hire zakila zulo horretan.
        Gizona horrela egin zuen.
        Emakumeak esan zion zakila zuloan mugitzeko. Emakumeak atzean jarri zitzaion, eta gizona zuloan mugitzen hasi zen.
        Gizonak atzealdea erortzea baino ez zuen nahi. Emakumeak besotan jaso zuen. Besoak gurutzatu eta berarengana ekarri zuen.
        -Goazen lo egiten dudan lekura- esan zuen.
        Joan eta joan ziren, eta hara heldu ziren.
        Emakumeak esan zion berarekin lo egiteko.
        -Lo egin dezagun bata besteari lotuta, zure aurpegia nirearen aurrean.
        Gizonaren goxotasuna emakumean sartu zen. Emakumearena gizonean.

        Ba, hauxe izan zen lehenengo aldia.  Gizona emakumearekin geratu zen: erabat ahaztu zituen haziendak.
        Beste gizon batzuk heldu ziren gizon haren etxera. Inguruan begiratu zuten, gizonaren bila. Ez zegoen han. Beraz, gizon hauek animalia guztiak eraman zituzten, ahuntzak eta behiak, eta mundutik barrena barreiatu zituzten.
        Horregatik animaliak barreiatuak daude munduan, eta leku batean bakarrik. Eta halaxe da nola gizona eta emakumea elkarrekin bizitzen jarri omen ziren, goxotasunean. Guztiok gatoz gizon eta emakume horiengatik".
(Namibiako jul’boansi kontalaria)


Ohiko liburu eta diska azoka, gutxitan hausnartua baina askotan erabilia den zentzumenaz baliatu da literaturari eta azken finean narrazioari ikuspuntu ezberdin bat emateko, 2010eko 45.edizioari hasiera ezin hobea izan du.

lunes, 6 de diciembre de 2010

Porrotaren inguruko gogoetak


Aurreko sarreraren batean aipatu izan dut irakurle amorratua izanda ere, euskal literaturaren jarraitzaile sutsua ez naizela. Ikastolan adibidez ikasturte bakoitzean euskal literaturako hiru liburu irakurtzera behartzen gintuzten, bai ala da, behartzen gintuzten. Horregatik agian, ez nau harritu Idurre Alonso ikerlariak haren tesian ateratako ondorioak. Hona hemen haren lanaren inguruan aurkitutako gogoeta batzuk:


Idurre Alonsok 16-18 bitarteko gazteen artean egin du ikerketa , ondorio latzak aterataz: euskal literaturaren irakaskuntza makal dabil. Nahasmena da euskal literaturaren irakaskuntzan zer gertatzen den definitzeko Idurre Alonsok erabilitako adjektiboetako bat.

UPV/EHU-ren Publikazio Zerbitzuak lagunduta, Hego Euskal Herriko 21 ikastetxetan landu zuen bere proiektua, 2004/05 ikasturtean: 16-18 urte bitarteko 825 ikasleren txostenak eta 21 irakasleei egindako elkarrizketa luzeak aztertu zituen bere tesian. "Euskal Herrian gutxi izan dira ikasleei irakurrarazi behar zaizkien liburuen gaineko hausnarketak. Hori dela eta irakasleek aitortzen dute batzuetan galduta sentitzen direla eta ez dutela jakiten zein liburu agindu".

Aztertutakoaren arabera Idurrek dio, euskal literatura eta euskara batera irakasteak  literaturaz jabetzea bigarren mailako helburu bilakatzen dakar. "Hezkuntza Sistemak helburu batzuk ezartzen dituela, bai, baina gero ez du zehazten zer egin behar den helburu horietara heltzeko. Jarraipenik ere ez da egiten, eta hortik dator nahasmena; irakasle bakoitzak bere bidea jarraitzen du eta irakasle gehienek ez dakite zer irakatsi behar duten, are gutxiago nola", azpimarratzen du ikertzaileak.

"Honek guztiak ez du bakarrik literatur irakurketak bizi duen porrota erakusten, euskararena ere islatzen du, neurri handi batean", gaineratzen du ikertzaile gazteak

domingo, 5 de diciembre de 2010

XXI.Mendeko Sexismoa

Berri motzak

Aire-kontrolaitzaileen greba milaka pertsona aireportuetan botata utzi dituen bitartean, zeozer egiteko ez dagoen une huts horiek betetzeko hona hemen zenbait berri euskal letren munduari buruz:

Gurebook.com euskal liburu elektronikoen ataria aurkeztu dute

Gurebook.com euskal liburu elektronikoen online denda aurkeztu dute. Plazagunea eta Libenet garapen teknologikoko enpresek sortu dute salmenta plataforma digitala, eta dagoeneko 166 izenburu dituzte salgai. Horietatik %60 euskarazkoak dira. 

Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela, Ttarttalo, Txertoa eta Arrain argitaletxeek hartzen dute parte proiektuan.

Kirmen Uribe Europako literatur berriari buruzko jaialdian izan da New Yorken

Kirmen Uribek “Europako literatura berria” izeneko jaialdian parte hartu du New Yorken. Jaialdiaren helburua Europan egun egiten den literatura berria ezagutaraztea da eta idazleon lanari AEBetan bultzada ematea. Europako zazpi egilek hartu dute parte Uribez gain: Philippe Claudel (Frantzia), Jenny Erpenbeck (Alemania), Gerhard Roth (Austria), Radka Denemarková (Txekia), Olga Tokarczuk (Polonia), Gabriela Adameşteanu (Errumania), eta Antonia Arslan (Italia). Horrez gain, Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelako bi kapitulu ingelesera itzuli eta Brooklyn Rail aldizkarian argitaratu dituzte.

Marcel Prousten À la recherche du temps perdu eleberria euskaratu du Joxe Austin Arrietak

XX. mende hasieran kaleratu zuen Marcel Proustek À la recherche du temps perdu. Orduko eleberrigintzan aldaketa sakona eragin zuen obrak, eta literatura unibertsaleko lan handien artean dago egun. Zazpi eleberriz osatutako lanaren lehen alea euskaraz irakurtzeko aukera dago orain, Joxe Austin Arrieta idazle eta itzultzaileak Literatura Unibertsala bildumarako eginiko itzulpenari esker: Denbora galduaren bila (Alberdania-Elkar).

sábado, 4 de diciembre de 2010

Abian da Literatura Eskola

2011ko ekaina arte, hainbat hitzaldi eskainiko ditu elkarteak

Joxe Azurmendiren obra aztergai zuen hitzaldiarekin jarri zuten abian Literatura Eskola urriaren 23an. 2011ko ekaina bitartean, elkarteak ondoko hitzaldiak eskainiko ditu:

AZAROAK 6
Mikel Laboaren hizkuntzak. Leire Lopez Ziluaga, Ibon Rodriguez. Tolosa (Bonberenea gaztetxea).

ABENDUAK 18
Samuel Beckett. Signifier? Nous, signifier! (Rire bref.). Beñat Sarasola. Errenteria (Mikelazulo elkartea).

URTARRILAK 15
Nobela grafikoaz. Harkaitz Cano. Gasteiz (Hikaateneoa, Pintoreria kalea, 13).


OTSAILAK 19
Kartzelako literatura. Jose Luis Otamendi, Mitxel Sarasketa. Ziburu (AEKren gaueskola).

MARTXOAK 19
Queer literaturaz. Iratxe Retolaza, Ibon Egaña. Donostia (Ernest Lluch kultur aretoa).

APIRILAK 16
Punka eta literatura 80ko hamarkadan. Juan Luis Zabala. Durango (Udal liburutegia).


MAIATZAK 21
Xabier Leteren poesigintza. Jose Angel Irigarai. Iruñea (Euskaldunon Biltokia, Txantrea).

EKAINAK 3-5
Literaturia. Larrabetzu.

viernes, 3 de diciembre de 2010

POTAREN GALDATZEA


 «Andrea, Jeinkoak drugatzula, orai berdi girade;

ni errege balin banintz, erregina zinate,

pot bat, otoi, egidazu, ez zaitzula herabe;

nik zugatik dudan penek hura merexi dute».



«Eia horrat, apart' hadi; nor uste duk nizala?

Horlako bat ez dut uste nik ikusi dudala;

horrelako hitz gaixtorik niri ez darradala

berzer erran ahal baititza; ez nuk uste duiana»



«Andre gaixtoa bazinade, nik ez naidi kondurik;

ziren zirena baitzira, zuzaz pena dizit nik;

ene ustean ez dut erran desonesta den gauzarik;

pot bat niri eginagatik, ez zinduke laidorik».



«Hire potak, baziakiat, bertze gauza nahi dik».

«Anderea, azti zira nihaurk erran gaberik».

«Bada utzi ahal bainentzak ni holakoz ixilik».

«Horrein gaitz ziraden gero, eginen dut bertzerik:



Bizi nizan egunetan, bada, ez zitut utziren;

nik zer orai nahi baitut, heben duzu eginen».

«Uste diat eskuiarki ez hizala burlatzen;

gizon hunek orai nuia heben laidoz beteren?

Eiagora, nik zer daidit?» «Zaude ixilik hanbaten».



«Etai lelori bai lelo, pota franko, bertzea bego.

Andrea, mintza ahal baitzinde bertze aldian emeago ».

      Bernat Etxepare, 1545

jueves, 2 de diciembre de 2010

Errusian dago Gernika


Orain dela hiru urte San Petersburgoko mahai baten inguruan elkartu ziren Roman Ignatiev etnografoa eta Roberto Serrano itxultzailea. Euskal kultura Errusian nola hedatu aztertzen hasi ziren, eta argitaletxe bat sortzea biderik egokiena zela iruditu zitzaien. 

Gustuen eta indarren arabera hautatzen dituzte itzuli beharreko lanak eta aurtengo labealdi berria prest daukate. Inprentatik atera berri da Atxagaren Obabakoak eleberria edoToti Martinez de Lezearen Euskal Herriko Leiendak liburua. Gainera, Jon Kortazarren Euskal Literaturaren Historia, Miren Beitiaren Esquemas de euskara, eta Javier Muguruzaren Laura Kanpoan da liburuen itzulpenak bidean daude. Azken liburu hau bertsio digitalean ere kaleratuko dute.

Euskal literaturak errusiarrengan interes handia pizten duelakoan dira argitaletxeko arduradunak. "Errusiarrek badute guk ez dugun ezaugarri bat, harro jartzen dira munduko edozein hizkuntzetako zerbait errusierara itzultzen denean. Horregatik, euskal literatura errusieraz irakurtzeko aukera izatea gauza ona da beraientzat. Gainera, euskara hizkuntza exotikoa egiten zaie, Europako txoko batean gordetzen den zerbait bitxia eta erakargarria da errusiarrentzat".  http://www.gernika.ru/